NIKO ETXART & HAPA-HAPA
Herriko Antzokia 20:00
Euskal Herrian blues-rock soinuen aitzindaria

Nork ez ditu “Eperra” edo “Euskal Rock’n’Roll” moduko “hit” abestiak inoiz dantzatu edo abestu? Oroimen kolektibora betirako iltzatutako doinuak dira, baita beraien egile edota interpretatzaile den Niko Etxart-en txima luzeak eta rocker bohemio hilezkorraren irudia ere. Euskaraz abestutako rock eta bluesaren aitzindari nabarmenetako bat dugu zalantzarik gabe ziberotarra, baina agian horrexegatik ere garai finko batekin identifikatzen dugu bere lana eta ikuspegi zabalagoa eta aberatsagoa eragozten diogu gure buruari. Nikok, ordea, kolore guzietako altxorrak gordetzen ditu 70ko hamarkadatik gaur arte maitasun eta arreta osoz landu duen bere ibilbide luze eta oparoan. Odol Berri eta Zazpi Gara taldeetan lehen pausoak eman ondoren , 1975an Minxoriak talde mitikoa sortu eta bakarkako bere lehen diskoetan ezarri zituen betirako mugarri izango ditugun obrak, 1983ko “Tumatxa” disko ospetsuak ezin hobeto gauzatu eta borobiltzen duen bezala. Rock Radikal Vasco eta orohar euskal pop-aren loraldia ahalbidetu zuten disko horiek eta era berean Niko bigarren plano batetara bultzatu zuten ere. Baina agian foko mediatikoetatik at burutu ditu bere lan pertsonalenak eta baliotsuenak.

1990tik aurrera, bere Kilikas estudioan, kolaboratzaile finez lagunduta beti, Hapa-Hapa taldearekin pop-rock-blues disko liluragarri sorta dotore bat eskaini digu eta era berean bere sustraietan barna sakontzen jarraitu du zenbait Pastoraletan parte hartuz. Urte guzietako jakituria eta errepertorio anitz distiratsu baten jabe, bere beste sustrai nagusiaren ikerkuntza eta gozatze hutsean bermatzen du bere beste fazeta, jaialdi honetan izango dugun “bluesman”-a hain zuzen ere. Niko Etxart (ber) aurkitzeko luxuzko aukera.