SHIRLEY DAVIS & THE SILVERBACKS

Abenduak 13, ostirala
Herriko Antzokia 22:00
Musika Beltza bere gordinean

Soul estiloko europar diva berritzat hartua, egiazki berezia da Shirley Davisen historia. Londresen jaio zen, gurasoak jamaikarrak, eta Wembley estadioaren itzalpean bizi izan zen, hango kontzertuak zuzenean iristen zitzaizkiola. 16 urte zituenean australiar batekin ezkondu zen eta Australian eman zuen ia bere helduaro osoa, han bihurtu zen Grand WaZoo taldeko kide. Banda horrekin Wilson Picketten abeslaria izatera iritsi zen bandak soul izarraren oinarrizko bandarena egiten zuen bitartean.

Adiskidetasun harreman handia izan zuen Marva Withney handiarekin, eta haren laguntzari esker grabatu zuen single bat Osaka Monaurail talde japoniar ikusgarriarekin. Eta kolaborazio lan gehiago egin ditu hainbat diskoetxe zigilurekin, horien artean aipagarri Deepfaceren “I Want to Live” dantzatzeko singlea, 1 postura iritsi baitzen Australiako zerrendetan.

Handik gutxira Europara itzuli zen Europako erreferentziazko soul abeslarietako bat bihurtzeko asmo sendoarekin. Sharon Jonesen babesean, txundituta utzi zituen TucXone Records zigiluko kideak Madrilen eskaini zuen kontzertu batean, soul estiloko divarekin batean abestera igo baitzen agertokira. TucXone harremanetan jarri zen Shirleyrekin proiektu berri bat eskaintzeko, The Silverbacks taldearekin album bat grabatzeko, garai batean bezala, Stax Records zigilu mitikoaren diskoetan bezala.

Proiektu hori gauzatu egin da dagoeneko, eta arrakasta bihurtu da Shirleyren ahotsak merezi bezala. Dagoeneko dauzkan 2 diskoek, kritikak ezin hobeek, eta Europa osoan barrena gelditu gabe bideratzen ari den itzuliak agerian uzten dute artista honen proiektuaren eta bere ahotsaren eta estiloaren kalitatea.

Musika beltza bere gordinean. Soul hutsa eta afrobeat ukitu bat

THE ALLNIGHTERS zazpikotea

Abenduak 14, larunbata
Zentroan 20:00
Soulful Rhythm & Blues

Rhythm and Blues deitu obsesioak jota dauden bost lagunen historia da honakoa.

Gasteizen kokatu behar dugu hasiera, 1988ko uda beroan. Hutsetik abiatu eta gogotik lan eginda penintsulako erreferentziazko talde bihurtu zen 90. urteetan musika beltzari dagokionez. Hamar urtez lanean etengabe eman eta gero, Estatuan eta Europako hainbat herrialdetan emanaldi asko eskaini eta 3 LP eta hainbat single eta bilduma plazaratu ostean, desegin egin zen taldea 1998an. Orain bueltan dira eta erreferentziazko jaialdi berezitu batzuetan eta areto garrantzitsuetan kontzertuak eskaini ondoren, 2016. Urtean “Everything is Changing” LPa erregistratu zuen Gijóngo Circo Perrotti estudio analogikoan, Jorge Explosiónek ekoitzia. Lan hori iazko gabonetan plazaratu zuten, eta bertara biltzen dira taldearen ardatz izandakoak: 50. urteetako Boogiea aho-soinuarekin, 60. urteetako Soula eta Rhythm & Blues cool-ena, eta 70. urte amaierako Pub-Rocka. Luxuzko lana, metalen sekzio osoarekin eta taldeak merezi duen soinu bikainarekin.

Zuzeneko emanaldietan indar handiko taldea denez, milaka kilometro egin izan ditu, eta maila handiko musikariekin partekatu izan ditu agertokiak, estilo desberdineko hamaika musikarirekin, horien artean aipagarri, besteak beste, Wilko Johnson, Nine Below Zero, Barrence Withfield, Bill Thomas, Kenny Neal, Ian Dury, The Blues Brothers Band, Lazy Lester, Melvin Davis, Eli Paperboy Reed eta Swamp Dogg. Talde honen emanaldi bakoitza benetako jai bihurtzen da, hori bat, “Soulful Rhythm & Blues” etxeko markarekin.

Soraluzeko kontzertuan zazpikotean haize sekzioarekin arituko dira.

JON GURRUTXAGA & URBIL ARTOLA

Abenduak 15, igandea
Zubi Nagusia 13:00
Euskal kantagintza akustikoa bluesaren bidetik

Musikagintzan bi hamarkada luze bate ditu Jon Gurrutxagak. Arima Beltza taldean ezagutu genuen, gurean bateraezinak diruditen bi eginkizunetan, bateria jotzea eta abeslaria izatea, aldi berean aritzen —geroago frontman lana hartu zuen—. Niko Etxartek euskarara ekarritako bluesaren eta 70eko hamarkadako rockaren tradizioari beste katebegi bat gehitu zioten talde hark 2000. eta 2005. urteen bitartean grabatutako hiru diskoek. Geroztik beste musikari batzuen proiektuetan parte hartu du Gurrutxagak baina sekula ez dio kantuak sortzeari utzi. Horrela, Jon & Sugramas diskoa kaleratu zuen 2010. urtean, eta lau urte geroago itzuli zen Hitz lauz diskoarekin.

Urteotan pilatutako esperientzia, ezagutza eta trebakuntza agerian uzten ditu bere zuzenekoetan eta eraikitako nortasun musikalari fidel izaten jarraitzen du. Bluesak jarraitzen du Jon Gurrutxagaren kantuetan present egoten, baina ahotsek hartzen dute protagonismo nagusia, gospel aireak nabarmenduz, horren ondo menperatzen duen blues-rock klasikoaren tradizioan sustraituriko ale ederrekin nahastuz.

Oraingoan Kateak izenekoa da Urbil Artola (gitarra, dobro, slide) musikariaren laguntzarekin aurkezten ari dena.