Zelako ondo pasatu dugu
Blues eta musika beltzaren zikloa amaituz aurreko asteburuan lau saio berezi izan genituen, desberdinak eta indartsuak:
- Itziar Yagüe kantariak eta Paul San Martin pianojotzaileak Bessie Smith artista afroamerikarraren errepertorioa eta bizipenak ekarri zizkiguten ostiralean. Berritsu egon zen kantaria eta hainbat puntu nahi izan zituen garbi laga: Bluesman aintzindari eta mitikoak beti gizonezkoak (Robert Johnson kasu) agertu dira historian, gizonezkoek idatzitako historian, jakina; baina emakumeak izan direla lehen hastapenak egin zituztenak. Duela ehun urte oso gogorra zen neska batentzat musika eta arte munduan aurrera egitea eta bere iritziak, bizipenak eta sexualitatea libreki eraman. Berak hori sutsuki defendatu zuen. Askotan izan zirela baztertuak. Bessiek kantu ezagun asko abestu zituen nahiz eta gero beste batzuen ahotan famatu, adibidez “Nobody knows You When You´re Down and Out” (inork ez zaitu ezagutzen deprimituta edo dirurik ez daukazunean) kantua Eric Clapton-ek sartu zuen bere disko akustikoan. Smith-ek auto istripu larria izan zuen baina ez zuten artatu eta beltzen ospitalera heldu orduko oso egoera txarrean zegoen. Urte askotan bere hilobia plakarik gabe egon zen. Itziarrek kontatu zigun Janis Joplin izan zela hilobia txukuntzearen alde egin zuena. Horrela, Bessieren aitzakia hartuta XX. mendeko emakume kantarien inguruko errepaso eta erreibindikazioa egin zuen.
- Kontzertu dotorea izan zen, akustikoa, lagun arteko modukoa. Eta Paulek maisuki isats-kolako pianoa manejatuz.
- Zapatuan Niko Etxart & Hapa Haparen txanda izan zen. Honek ere hasieratik indartsu eta beteranoek daukaten jakinduriarekin aritu zen. Euskal kanta ezagunak (Baga Biga) eta bere arrakastatsuak (Eperra, Euskal Herri Rockanrrollin…) abestu zituen. Errepertorio orekatua bluesak eta rockanrollak tartekatuz, Rollin Stonesen egokitzapena tartean. Musikari beteranoak eta gazteak osatutako seikote indartsua taula gainean: ikusi genuen biolina ederto egokitzen dela blues eta rockean (Xabi Etxeberri hendaiarra Anariren taldean jotzen du txeloa). Nikok, eskuzabal utzi zion pare bat kantutan Dominic Earl gitarrajole anglo-euskaldunari abesteko protagonismoa, bere diskoaren propaganda eginez. Kiki Frantzian ere preziatua den armonikajolea aspaldiko konpaineroa da Nikoren abentura musikaletan eta base erritmikoak ziurtasuna eta finkotasuna ematen dio taldeari.
- Niko kantari trebea eta artista zela bagenekien baina ekarri zuen taldea ez zen nolanahikoa. Iparraldeko musikariak beti ibili dira aurretik musikan eta larunbatean horren froga bat izan genuen.
- Galdera: Goi mailakoak izanda zergatik ez da inongo Blues Jaialdi handietan Niko Etxart & Hapa Hapa programatzen? Euskaraz abesten dutelako? Ez da erreza ulertzeko.
- Musika Eskolako taldeek urtetik urtera hobetzen doazela nabarmena da eta domekan ikusi genituen gazteak eta nagusiagoak kantu politak egiten, ilusioz. Eta bukatzeko eztarri eta estilo oneko herriko hiru kantari ondo afinatuak eta koreografietan gogotsu. Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik!.
- Iluntzean dantzarako hitzordua izan zen Carlton Jumel 62 urteko newyorktarrarekin. Arazo teknikoengatik berandu hasi baina lehen unetik mugimentua eta dantza etengabea izan zen. Jendea laster bereganatu zuen. James Brown, Otis Redding Steve Wonder, Marvin Gaye eta Soul musikako handiak ekarri zituen gure belarrietara. Baina hori guztia ondo burutzeko Penintsulan fitxatutako goi mailako (El Cigala, La Frontera…), sei musikarien orkestra zeukan ondo koipeztuta eta nagusiari zerbitzua ederto eginez. Amerikarrak “Entertainment” papera ederto bete zuen, jendearen partaidetza bilatzen, kantu eta dantza eragiten, jendea eszenatokira igotzen, argazkiak ateratzen…beti umoretsu eta pozik. Ah! eta Soraluzeko herria “very nice” zela esan zuen gizonak. Euskal Herrian egiten zuen emanaldi bakarra izan zen.
Esan daiteke arrakastasua izan dela aurtengo edizioa ere. Muga goian jarrita dago jada. Entzuleok badakigu hori eta bertaratzen gara. Ondo pasatzen dugulako. Kanpotik ere egiten digute bisita zaletuak.
Ah!! ostegunean gutxi batzuk egon ginen “Summer of Soul” dokumentala ikusten baina ahal baduzue ez galdu aukera. Kateren batean edo egongo da eta fijo gustatuko zaizuela. Pena merezi du!.